Leku interesgarriak

 
 

Santo Tomas eliza Eleizalde auzoan dago, muino baten tontorrean, eta handik ia Arratzu osoa ikus daiteke.

Aipatu bezala, eliza hori Arratzu sortu aurretik eraiki zen, eta Ziortzatik Gernikara zihoazen erromesen derrigorrezko parada zen. Jatorrizko kapera gaur egungoa baino txikiagoa zen. Izan ere, duela gutxi egindako indusketa arkeologikoei esker, Erdi Aroko galtzada egungo eraikinaren barneraino zihoala egiaztatu da.

Jatorrizko tenplua XII. eta XIII. mendeen artean eraiki omen zuten, eta XVI. mendeko lehen herenean berreraiki zuten.

Parrokiaren patronatuaren ¾ Arteagako orube-etxearena eta ¼ Mezeta etxearena izan arren, horren elizbarrutia barruti zibila baino handiagoa zen, Ajangizko, Gautegiz-Arteagako eta Mendatako etxe askoren mesedetan.

Erabilitako materialen artean azpimarratzekoak dira Ereñoko kareharri gorrizka eta Oiz mendiko hareharria. Kanpandorrea eta eliza inguratzen duen portikoa XVII. mendekoak dira. Elizaren parean dago estilo neoklasikoko abadetze-etxea, 1839 eta 1841 urteen artean eraikia.

Bizkaiko koru barroko garrantzitsuenetakoa dauka elizak, eta XVIII. mendean zurezko egitura zaharrak harrizko lanekin ordeztu zituzten.

Portikoa oso interesgarria da; bere mailako onenetarikotzat jo dezakegu, enkatxo tradizionalaz gain, lauza-zoladura duelako. Lauzak erregular samarrak dira, gehienak hareharrizkoak. Portiko gehientsuenetan bezalaxe, elizpeko mahaia du oraindik, "txopitel-harria" edo “fiel-harria” deritzona. Aurreko mendeetan horien inguruan konpontzen zituzten udalerriko kontuak, eta hartutako erabakiak idazten ziren alkatearen eginkizuna hedatu arte.

1759ko errege-bideen inbentarioan sartua dago. Jatorrizko itxura duenez, Erdi Aroko komunikazio-bideen arkitekturako eredu bakarra da eskualdean.

Zubia erdi-puntuko arkua da, harlandu oso erregularrekoa. Hainbat uholderi egin die aurre, eta baso-inguru paregabean primeran barneratu da elementu historiko hori. Zubiak, Mendataren mugarria izateaz gain, Erdi Aroko galtzada du, Ziortza eta Gernika lotzen dituen Done Jakue bidearen kostaldeko zatiari dagokiona.