Leku interesgarriak

 
 

Arratzuk hainbat altxor ditu oraindik bere basoetan, eta nabarmentzekoa da bertako hariztia, eskualdeko benetako aztarna baita.

Harizti horrek aipamen berezia behar du, gizakiak eskurik hartu ez duen baso-eremua delako. Antza denez, harizti bikain horrek XIX. mende bukaerako baso-ustiaketak berritzeko politikan du jatorria, baina ondoren bertan behera uzteak, hariztiaren bilakaera ekologikoa ahalbidetu du, eta zuhaitzak heldu egin dira.

Arratzuko hariztiak Erdi Aroko basoak nolakoak ziren irudikatzen du, tamaina eta altuera handiko zuhaitzekin, eta oihanpe desberdin eta ugariekin. Hariztian bizitza ageri da susterretatik adaburuetara, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barnean, basoko santutegia eratzen du zinez. Harizti horren aberastasuna hain da handia ze, Bizkaiko Foru Aldundiak erosi egin zuen, Euskal Herriko historian horren ugari izan den paisaiara garraiatzen gaituen baso hori iraunarazteko.

Urdaibain dauden hariztiek hedadura txikia dute. Erabat eraldatuta ez daudenek, haritz gazteen unada txikiak sortzen dituzte. Arratzuko hariztiak 3,5 hektareako azalera du. Eta esan beharra dago Mendatarekin partekatutako basoa dela. Harizti hori “Tantaiak” deritzonen artean dago, hots, antzinako zuhaitz landatuak, eraikuntza zibilerako edo itsasontzigintzarako zurezko fuste luzeak egitera bideratuak; hortaz, haritz horiek ez dira lepatuak izan.

Arratzuren eremu osoa Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ondare komunaren barne sartzen da, eskualdeko hamabigarren udalerria izanik.

Kultura-ondare oparoaz gain, Urdaibaiko landazabal atlantikoko paisaia paregabeenetarikoa dauka, bai eta Biosfera Erreserbako hariztirik onena eta Bizkaian hobekien iraun duenetarikoa ere.

Arratzuko hariztia interes handiko eremu ekologiko-naturalean dago. Era berean, herri honen inguruan aurkituko ditugu Erdi Arotik gaur arte Bizkaiko landa-eremua historikoki eratu duten elementuetako asko.

Hala, 300 metroko erradioan Olazarra burdinola (Arratzu errota), Olatxo errota, Montalban dorretxea, Santo Tomas eliza eta horren abade-etxea, Artzubi zubi erromanikoa, eta kostaldeko Done Jakue bideari dagokion Erdi Aroko galtzadaren zati interesgarri bat aurki ditzakegu. Toki gutxi batzuek baino ez dituzte hainbeste kultura-elementu horren eremu txikian..