Gizartea

Udalerriaren ezaugarri nagusia demografiari dagokionez, biztanleriaren hazkunde negatiboa da, 1940an 832 herritar izatetik 1994an 399 herritar izatera igaro baita. Duela gutxi bildutako datuen arabera, 2001ean 381 biztanle ziren, 2003an 636, 2005ean 346, 2007an 353, eta egun 384 biztanle daude.

1940az geroztik biztanle-galera nabarmena egon da, eta Gernikak eta Bizkaiko beste industrigune batzuek Arratzu bezalako landa-eremuetako jendea erakartzearen ondorioz gertatu da hori; eskualdeko ezaugarri den AEBerako eta Australiarako emigrazioa kontuan hartu gabe, noski.

Adina aintzat hartzen badugu, biztanle nagusi kopurua handia dela esan dezakegu, gazteekin alderatuz gero.
Aipatzekoa da, erdia baino gehiago biztanleria ez-aktiboa dela; edonola ere, esan beharra dago etxebizitza gehienetan ortua dagoela, eta zeregin horretan dihardutela herritar gehienek.

Jarduera motari dagokionez, azpimarragarria da herri honek landa-inguruko izaera nabarmena duela, baina, hala ere, biztanleria aktiboaren heren bat baino gutxiagok dihardutela nekazaritzan eta abeltzaintzan (udalerriko biztanleria osoaren % 11,68k baino ez).

Biztanle gehienek industrian edo zerbitzuen sektorean dihardute, batez ere, Gernikan.

  • Okupazioa lehenengo, bigarren eta hirugarren sektoreetan.

Arratzuko udalerriak, landa-egitura du bereziki, eta azken urteotan ez du inolako aldaketarik izan lurralde-egiturari dagokionez. Bi gune nagusi daude: Loiola eta Belendiz. Bietako ezein ez da herri-eredu gisa eratu, eta jatorriz zehaztutako landa-egitura izaten jarraitzen dute, herriaren bilakaera historikoan izan duten bezalaxe.

Udalerria etxe-multzo edo auzo txikietan antolatzen da, eta eskualde-errepidean zehar edo errepide horretan sortzen diren auzobideetan kokatzen dira horiek.

  • Gernika-Ibartxu BI-2224 errepidean bertan Uarka, Loiola eta Elexalde guneak daude, eta errepidetik hurbil Gorozika, eta Zubiate auzo baztertua.
  • Uarka-Nabarniz BI-3242 errepidean Zabala-Belendiz dago, eta horren ondoan Barroeta.
  • Barrutia Gernika-Lekeitio BI-638 errepidean kokatzen da, eta Arratzu eta Kortezubiko baserriak egoteaz gain, Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastegia ere badago.

Hortaz, kokalekuen antolaketan ikus daitekeenaren arabera, udalerriak gune asko ditu, landa-izaerakoak batez ere, eta funtsean ez da hiriko eredurik. Loiola da landa-hiri kontzeptuaren antz handiena duena. Izan ere, udaletxea, lehenagoko eskolak, frontoia eta plaza bertan daude.

Udalerriak 9,86 km²-ko hedadura dauka, eta lurzoruaren erabilera aintzat hartuta, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza dira herri honen ardatz, lehenengo sektoreak bere eremuaren % 98 hartzen baitu.

Jarduera horietatik basogintza da azpimarragarriena, 603,20 Ha-ko azalera hartzen duelako, eta pinudiak dira ugarien.
Larreek eta soroek ere garrantzi handia dute, 295,60 Ha-ko azalera hartzen dute eta. Duela gutxitik, aipagarriak dira Gola inguruan dauden fruta-arbolen sailak, bereziki kiwiak, bai eta plastikopeko zenbait eremu ere.

Lehen sektoreari dagokion heinean abeltzaintza garrantzitsua bada ere, ez du lursail handirik hartzen, lehen aipatutako basogintzako eta nekazaritzako eremuekin alderatuta.

Bigarren sektorea ia ez da ageri. Tailer bakan batzuk eta Uarka auzoan Golako ibaiaren jauzian dagoen ekoizpen hidroelektrikorako zentrala baino ez daude.

Azkenik, hirugarren sektorea arlo publikoan esanguratsua dela aipa dezakegu, Barrutian Lanbide Heziketako ikastegia baitago; arlo pribatuan, aldiz, apenas du garrantzirik, udalerriko gizarte-harremanak biltzen dituzten bi taberna soilik daude eta.

Gernika herri garrantzitsua eta hurbila izateak eragin zuzena du hirugarren sektoreko jardueren eskasian.

  • Osakidetza
  • Guardiako farmaziak
  • Kzgunea
  • Bizkaibus